Manifestazioa

GE agurgarria:

Zuengana zuzentzen gara berriro ere azaroaren 6an 17:00etan Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzatik (Gran Via 85) abiatuko den “Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez!” manifestazioaren parte hartzera animatzeko.  

Eskola publikoa da hezkuntzan dugun zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala, denona eta denontzat, jatorrizko ezberdintasunak berdintzen dituena, inklusiboa den bakarra, euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta baldintzarik zailenetan ere ikasle gehien euskaldundu duen eta gaur egun euskalduntzen dituen sarea.

Gure ustez, egungo hezkuntza-sistema dualak (publiko-pribatuak) sare publikoa baztertzen du, eskola-segregazioa sortu eta haustura soziala eragiten du, bi mailako ikasleak bultzatuz.  

Honen kontra borrokatuko eta mobilizatuko gara. Hona hemen gure aldarrikapenak:

  1. Eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan behar du denona eta denontzakoa den eskola delako.
  2. Eskola bakarra aldarrikatzen dugu. Eskaintza publiko integrala eta doakoa  bermatu behar da udalerri eta auzo guztietan 0tik 18urtetara.
  3. Hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzeko garaia da: ez da lerro pribaturik irekiko eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean. 
  4. Pribatizazioarekin amaitu. Sortzen diren ekimen pribatu guztiak, derrigorrezkoak ez diren etapak barne (haur hezkuntza eta batxilergoa) baimendu, itundu eta diru publikoarekin sostengatzen dituen politikarekin bukatu behar da 
  5. Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudi adostua sortu behar du.
  6. Euskarazko murgiltze eredua orokortu behar da. Diru publikoarekin ez finantzatu euskalduntzen ez duten eta, beraz, inklusioaren eta integrazioaren kontra jokatzen duten hizkuntza-ereduak dituzten ikastetxe pribatuak.

Aldarrikapen-egun alaia eta parte-hartzailea izatea nahi dugu eta horregatik Harro kantua eta dantza ikastera animatzen zaituztegu

Hezkuntza-sistema birplanteatzeko ordua ailegatu da, beraz, eta Euskal eskola publikoaz harro gaudela esateko eta bere alde mobilizatzeko garaia da. Manifestazioaren kartela ere atxikitzen dizuegu, zuen ikastetxeko kideen artean zabaldu dezazuen. Ikastetxean bertan jasoko dituzue ere kartel fisikoak.

Halaber, manifestazio honekin bat zatoztela adieraztea eskatu nahi dizuegu helbide elektroniko honetara eskolapublikoazharro@gmail.com zuen atxikipena bidalita.

Eskerrik asko eta Gora eskola Publikoa!