Inprimatu

ONGI ETORRI

"Eskola Berria" Gurasoen Elkartea biziki pozik dago Felix Serrano Eskola, gure lanari esker, euskal eskola publiko eredugarri bihurtu delako, euskal hezkuntza sareko ikastetxerik onentsuena delako. Gure lan txukunaren adierazgarri da, ezbairik gabe, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak aurten bertan Bizkaia Kirolak 2006 Saria guri eman izana, aurreko urte guztietan ikastetxe pribatuek baino jaso izan ez dutena. Horrez gain, gure lan ederraren lekuko, 2004/2005 ikasturtean Bilboko Udaletxeak antzerki-lanik onenaren saria eman zigun.

Bi horiek, ordea, ez dira gure Eskolan antolatu ditugun jarduera guztiak; jakin badakizuenez, askoz gehiago izan baitira. Baina benetan nabarmendu nahi duguna da lan horri eskaini diogun ahalegin eta denborari esker, euskal hezkuntza publikoaren sarea, oro har, eta gure Eskola, zehazki, gero eta hobeak direla, euskaldun orok merezi dugun bikaintasunaren idealetik gero eta gertuago daudela.

Ildo horretan, zinez eskertu nahi dugu jarduera horiek guztiak antolatzen parte hartu dugun gurasoon etengabeko ahalegina eta gogoa, baita noizean behin lagundu izan dutenen ekarpen estimagarria ere. Gurasoen Elkarterik gabe gure Eskola hau besteen parekoa baino ez litzateke izango. Zuoi esker, aldiz, gure Eskola hau lehenago aipatu eta azpimarratu duguna da. Jakina, eskerrak ematen hasita, ezin dugu ahaztu eta gainera ez dugu ahazterik nahi ere Eskolak eta bertako Zuzendaritzak eman digun laguntza eskuzabala.

Bestalde, gogorarazi nahi dizuegu jarduera horiek antolatzeari eskain diezaiokegun denbora ez dela, tamalez, mugagabea; eta, hortaz, laguntza handiagoa behar dugula. Horregatik, dei egiten dizuegu gure bileretara etor zaitezten eta gure Elkartearen baitan modu aktiboan parte har dezazuen; azken batean, Elkarte hau Eskolako ikasle guztien aita eta ama guztiena da eta.

Elkarte hau hobetzeko asmoz edozein iradokizun edo ekarpen egiteko, mesedez jo ezazue zuzenean gutako edonorengana edo, bestela, Eskolan bertan horretarako propio dagoen postontzira.

ZORIONAK eta ESKERRIK ASKO den-denoi euskal hezkuntza publikoaren sarean egoteaz harro sentiarazten gaituzuelako, eta saia gaitezen ikasturte berri honetan antolatuko ditugun jardueren kalitatea gero eta handiagoa izan dadin.

Agur bero bat,

FacebookTwitter